Marka

Gizartearen aldaketei eta beharrei egokitzeko asmoz, Lanbide Heziketa bilakatuz joan da azken urteotan. Eta aldaketa horiei behar bezala erantzuteko, 2008. urtean Arizmendiko Lanbide Heziketako irakasle taldekook gogoeta sakon bat egiteko beharra ikusi genuen.
Alde batetik, irakasleok argi ikusi genuen gaur egun daukagun publikoa ez dela garai batekoa; asko zabaldu da Lanbide Heziketa aukeratzat ikusten duen ikasleen esparrua eta asko zabaldu da, halaber, ikasle horien profila.
Gure barne gogoetaren lehen ondorioa Lanbide Heziketak identitate propioa behar zuela izan zen; Arizmendi ikastolaren parte izanik, haren bisio, misio eta helburuei jarraituz, baina nortasun propio bat mantenduz.
Eta zertarako behar dugu identitate propioa izatea? Alde batetik mezu zehatzak, propioak, emateko publiko zehatzari -hamasei urteko ikasleari, hemezortzi urtetik gorako helduari, etorkinei, langabetuei, lanean dihardutenei, enpresei……-. Bestetik, aro berriei egokitzeko. Teknologia berriak hain abiada handian doaz aurrera, non hezkuntzak ere ezinbesteko duen zentzu horretan aurrera egitea.
Azkenik, Lanbide Heziketa moduan, besteengandik desberdina izango den eskaintza egin nahi dugulako da garrantzitsua nortasun propioa eraikitzea.
Beraz, gogoetatik ateratako proposamena da azpi-marka berria sortzea. Arizmendi Ikastolaren ezaugarriak batzen ditu gure markak: pertsona du ardatz eta euskara eta kooperatiba identitate oinarri; eta guk, gure ezaugarriak eransten dizkiogu ikurrari: freskotasuna, ziurtasuna eta profesionaltasuna.
Horixe laburbiltzen du Arizmendi PRO azpi-markak. Freskotasuna eransten dio ikasleari begira: gaztea, askea, ezberdina…; ziurtasuna gurasoei zuzentzerakoan, etorkizuna antzeman daiteke-eta azpi-marka horretan; eta profesionaltasuna gizarteari dagokionean, berrikuntzan murgilduta irudikatzen baita Lanbide Heziketa berria.
Arizmendi PRO azpi-markari lotuta claim delakoa ere sortu dugu: 2.0 profesionalak. Web 2.0 munduari erantzunez dator azpi-markarako aukeratutako eslogan edo esaldia; beraz, teknologia berriei erabat lotuta.
Lanbide Heziketan dagoeneko familia profesional guztietan ditugu tresna informatikoak eguneroko oinarri. Hala ere, gaur egun sare sozialek -blogak, Facebook…- hartu duten garrantzia kontuan izanda, gure hezkuntza proiektua haratago eraman dugu zentzu horretan. Sare sozial horien bitartez irakaskuntza zeharo aldatuko da; talde lana ardatz harturik, aplikazio horiek guztiek lana egiteko modu berria ahalbideratuko digute. Beraz, XXI. mendeko erronken aurrean prest agertu gara eta horiei egoki erantzuteko asmoa daukagu.
Beraz, Arizmendi Pro azpi-marka ez da irudi aldaketa soila; gure nortasuna eta egunerokoa islatzen dituen irudikapena da.










